Txabolismoa desagerraraztea
Nahiko ohikoa da hiriko edo hiri inguruko ortuak egotea txoko txikietan, eraikinen edo bideen artean. Udalaren jabetzako lursailetan zein lursail pribatuetan, pertsona ugarik erabilerarik gabeko lursailak “okupatu” dituzte ortu gisa erabiltzeko; gainera, sarritan txabolak eraikitzen dituzte material hondarrekin.
Legez kanpoko ortu horiek asko ugaritu dira gure hirietan, jarduera, segurtasuna eta osasungarritasuna kontrolatu gabe, askotan intoxikatzeko arriskuaren mugan, pestiziden erabilera desegokiagatik.
Beharrezko konpromiso politikoa izanez gero, espazio horiek berrantola daitezke, ortu ekologikoak ipintzeko lursail bat egokituta. Ekimen hori arautzeko ordenantza bat egongo da, eta horren bidez ezarriko dira erabilgarri dauden partzelen baldintza juridikoak eta horiek erabiltzeko baldintzak, zein izan daitekeen ortu baten onuradun, esleipen irizpideak eta iraupena.
Halaber, erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak zeintzuk diren jasoko da, baita horiek bete ezean egongo den zehapen araubidea ere.
Hondatutako espazioak berreskuratzea
Espazio horiek sortzeak dakartzan abantailak ikusi behar dituzte udalbatzek. Naturarekin harremanetan egoteko modu bat dira eta, aldi berean, onurak ekartzen dituzte hezkuntzan, gizartean, ingurumenean, terapeutikan eta, kasu batzuetan, onura ekonomikoak ere bai. Ortuak sortzeko eta garatzeko ez da lursail handirik behar; erabiltzen ez den orube bat edo berreskuratu nahi den orube hondatu bat baino ez da behar.
Partzela Udalaren jabetzakoa izan daiteke edo horretarako alokatutakoa, eta Udalak kudeatuko du monitore baten laguntza teknikoarekin.
Hiri nekazaritza ez da moda iragankorra, gelditzeko dator. Gaur egun, munduan 800 milioi pertsona daude jarduera horri lotuta. Etorkizunerako erronka izango da hiri ortuen proiektuak hiria eta lurraldea birgaitzeko prozesu ekologiko orokor baten barruan txertatzea, hiriaren konplexutasuna osatzen duen beste elementu bat balitz bezala.