Proiektu jasangarria, osasungarria eta integratzailea
Estaziñoa 18 G, Lemoa
09:00 - 13:00

Iurreta

ITURBURU ORTUAK

Udalak sustatua eta kudeatua

Iurretako ortu ekologikoen proiektuaren bitartez hasi ginen ekimen honetan murgiltzen; gerora, eredugarria izan da eta beste udalerri batzuei “inbidia sanoa” eman die. 2010az geroztik, eredu hori inguruko antzeko espazioen jarraibidea da. Lehen promozioa oso arrakastatsua izan zen, eta erabiltzaileek bost urtez aprobetxatu ahal izan zuten lursail bat. Orain, dagoeneko esleituta dago erabiltzaileen bigarren txanda.

Eskaera handia dagoenez, 75 metro karratuko 40 partzelak guztiz okupatuta daude. Gehienak beteranoak dira, ez baitute galdu nahi izan zaletasun osasungarri horri eusteko aukera, hainbeste dira-eta ekartzen dizkien onurak.

EREDUA

Iturburu inguruan dauden ortuetan ―partikular bati alokatutako partzela batean―, atentzioa ematen du espazioa hain zabala eta lasaia izateak. Kale zabal batzuek banantzen dituzte partzelak, makineria eroso erabili ahal izateko. Nabarmentzekoa da, halaber, erabilera anitzeko espazioa. Bertan, aldagelak, lanabesen biltegia eta bulegoak daude.

Beste berritasun bat, eredugarria hori ere, euri ura aprobetxatzeko metodo bat jarri izana da. Horren bitartez, ureztatzeko behar duten ur gehiena jasotzen dute. Instalazioen teilatuan euri urak jaisteko lau zorroten daude eta, horri esker, 1.300 litroko bi biltegitan jasotzen dira prezipitazioak. Modu horretara asko aurreztu daiteke, eta landareetarako kalitate hobeko ura erabiltzen da; izan ere, ez dauka klororik eta giro tenperaturan dago.