Proiektu jasangarria, osasungarria eta integratzailea
Estaziñoa 18 G, Lemoa
09:00 - 13:00
02 Mar 2017

Gernika

GERNIKAKO ORTU KOLEKTIBOAK ‘PIPERRA ETA GATZA’

Baserriko produktuak hainbeste estimatzen dituen herri batek ezin ditu alde batera utzi ortu ekologikoak. Gernikak gogoz hartu du proiektua, herritarrei zerbitzu hau eskaintzeko konpromiso politikoari esker.

Ibarrako lurretan 141 partzela daude dagoeneko, 60 eta 75 metro karratu bitartekoak. Erabiltzaileek autokontsumorako produktu ezin hobeak berenganatu ditzakete eta horrela “bizilagunen inbidia” izan.

PARTZELEN ARTEAN PASIERAN

Lursaila kale zabalek zeharkatzen dute, horrela partzela guztietan eroso sartu ahal izateko. Gainera, ur harguneak dituzte. Esparruaren sarreran gune amankomuna dago, eta bertan daude aldagelak eta erabiltzaileek baliatzen dituzten materialen eta tresnen biltegia. Eta ortuetatik metro gutxira, aparkaleku handi bati esker ibilgailuz hel daiteke eremu horretara, materiala eramateko edo senideekin eta lagunekin joateko bildutako uzta erakutsi nahi badiezu.

Toki zabala izateak ere bide ematen du pasieran ibiltzeko, beste erabiltzaile batzuek landatutako produktuek zer bilakaera duten ikusi bitartean.

02 Mar 2017

Berriz

‘HERRI ORTUAK’ UDAL ORTU EKOLOGIKOAK

Berriz da adibiderik onena erakusteko ez dela behar inbertsio handirik eta lursail askorik ortu ludikoak jarri ahal izateko. Espazioa eta aurrekontua muturreraino daude aprobetxatuta. 2015ean inauguratu zituzten 45 partzelak eta, denbora gutxian, erabiltzaileek era guztietako laboreak landatu dituzte.

Ortuak atontzeko, Udalak lursail bat alokatu du, eta bertan obrako ontzi batzuk ipini ditu denek erabiltzeko. Neurri horiei esker, inbertsio txikia egin ahal izan dute, doikuntza ekonomikoak egiten diren garaiotara egokituz. Berrizko adibideak erakusten du tresnak eta oinarrizko lanabesak gordetzeko ez direla behar azpiegitura handiak eta hori, hein batean, etorkizuneko ekimenetarako eredugarria da. Proiektu honek atera dio etekin gehien beste eredu batzuk martxan jarri ondoren jaso dugun esperientziari, eta hemen optimizatu dira gehien urrats guztiak.

BEHARRIZANAK ASETZEA

Gainerako ezaugarriek beste ortu ekologiko batzuen antza dute: partzelen ertzetan ur harguneak eta lursailetara sartzeko pasabideak daude.

Erabiltzaileek atsegin handia hartu dute lehen lekak, zerbak, piperrak edo kalabazinak jasotzean, eta, horrez gain, ikasi dute metodo ekologikoak erabilita landatu daitekeela eta edozein familiaren beharrizanak asetzen dituen autokontsumorako produktuak lor daitezkeela.

02 Mar 2017

Derio

ERREKALDE ORTU EKOLOGIKOAK

Udalak sustatua eta kudeatua, bere jabetzako partzela batean

Derio izan zen Eko-Ortuakek martxan jarri zuen hirugarren proiektua. 2013an eman zioten hasiera, eta 50 eta 70 metro karratu bitarteko 35 partzela zituen, mahastiak dauden bi lursailen artean kokatuta. Orientazio ezin hobea du, eguzki orduak ahalik eta gehien aprobetxatzeko.

Hori oso ezaugarri garrantzitsua da, batez ere nekazaritza ekologikoan, horrela tratamendu gutxiago behar izaten baitira. Eguzkia da landareen ongile nagusietako bat, gaixotasunak murriztu eta produktuen kalitatea eta zaporea hobetzen dituelako.

PARTZELA GEHIAGO ESKURAGARRI

Eskaera asko daudenez, beste gune bat prestatu dute metro gutxira, beste 14 partzelarekin. Helburua da ahalik eta erabiltzaile gehien ibiltzea partzela horiez gozatzen. Dagoeneko horretarako aukera dutenak pozik agertzen dira, produktu naturalak jaso ditzaketelako eta osasuntsuago egon daitezkeelako aire zabalean jarduera fisiko bat praktikatuz.

Horrez gain, nabarmentzekoa da ortuen kokapena: Errekalde parkearen ondoan daude, Ibaiondo futbol zelaitik gertu. Toki polita da, pasieran ibiltzera eta naturaz gozatzera bultzatzen du eta, zergatik ez, jasotako uzta inguruko piknik guneetan dastatzera ere bai.

02 Mar 2017

Markina

BARROETAKO ORTUAK

Markinan, 2013an jarri ziren ortu ekologikoak, Udalaren jabetzakoa den lursail batean, Barroetako futbol zelaiaren ondoan. Desberdintasun bat aipatzearren, zerbitzuko pasabideak ez daude egokituta, hau da, berde daude. Dena den, belarra modu erregularrean egoten da moztuta, intsektuen babesleku izan ez dadin.

Ezaugarri horrek landa eremuko itxura autentikoagoa ematen dio, are nabarmenagoa bihurtzen dena muga egiten duelako fruta zuhaixkez osatutako barne perimetro batekin. Beste berezitasun bat da erabiltzaileek konposta egitea partzeletatik ateratzen duten materiarekin. Ekimen hori beste proiektu batzuetara eraman nahi dugu, emaitzak baloratu ostean.

ELKARLANA

Hain giro ona dago ortu ekologiko horietako partaideen artean, ingurua hobetzeko hainbat jarduera ere egin dituzte. Instalazioak (ontzi industrialak) egur xaflekin estaltzea izan da deigarrienetako bat, inguruarekin guztiz integratuta gelditu baitira instalazioak. Era berean, zurezko aterpe bat eraikitzen hasi dira lantalde baten bitartez, ortuen erdigunean.

Deigarria da partzela horietarako zenbat eskaera dagoen ikustea, kontuan hartuta nekazaritzak erro sakonak dituen eremu bat dela. Beraz, pentsa zitekeen eskaeraren zati handi bat erantzunda zegoela. Edozelan ere, laster 58 espazioak okupatuta egongo dira, eta beste eremu bat erreserbatuta dago etorkizunean ortuak handitzeko.

 

02 Mar 2017

Iurreta

ITURBURU ORTUAK

Udalak sustatua eta kudeatua

Iurretako ortu ekologikoen proiektuaren bitartez hasi ginen ekimen honetan murgiltzen; gerora, eredugarria izan da eta beste udalerri batzuei “inbidia sanoa” eman die. 2010az geroztik, eredu hori inguruko antzeko espazioen jarraibidea da. Lehen promozioa oso arrakastatsua izan zen, eta erabiltzaileek bost urtez aprobetxatu ahal izan zuten lursail bat. Orain, dagoeneko esleituta dago erabiltzaileen bigarren txanda.

Eskaera handia dagoenez, 75 metro karratuko 40 partzelak guztiz okupatuta daude. Gehienak beteranoak dira, ez baitute galdu nahi izan zaletasun osasungarri horri eusteko aukera, hainbeste dira-eta ekartzen dizkien onurak.

EREDUA

Iturburu inguruan dauden ortuetan ―partikular bati alokatutako partzela batean―, atentzioa ematen du espazioa hain zabala eta lasaia izateak. Kale zabal batzuek banantzen dituzte partzelak, makineria eroso erabili ahal izateko. Nabarmentzekoa da, halaber, erabilera anitzeko espazioa. Bertan, aldagelak, lanabesen biltegia eta bulegoak daude.

Beste berritasun bat, eredugarria hori ere, euri ura aprobetxatzeko metodo bat jarri izana da. Horren bitartez, ureztatzeko behar duten ur gehiena jasotzen dute. Instalazioen teilatuan euri urak jaisteko lau zorroten daude eta, horri esker, 1.300 litroko bi biltegitan jasotzen dira prezipitazioak. Modu horretara asko aurreztu daiteke, eta landareetarako kalitate hobeko ura erabiltzen da; izan ere, ez dauka klororik eta giro tenperaturan dago.